- Amasa-Villabonako Udalak ezinezkotzat jo du ohiko San Joan sua antolatzea, COVID-19aren osasun larrialdi egoeraren ondorioz jende pilaketaketak saihestu eta pertsonen arteko bi metroko distantzia mantendu behar baita.

Horren ordez, herriko hainbat boluntarioren laguntzarekin ekimen berezi eta berritzaile bat antolatu dute bihar, ekainaren 23rako. Hala, iluntzeko 21.30etatik aurrera, adar hotsa entzutean balkoira ateratzeko deia egin dute, kandela edo argitxoren batekin.

Bestalde, Villabonako Gema loradendan (kale Nagusia, 30) San Joan erramua eskuratu ahal izango da (borondateren truke) eta etxe atariak edota balkoiak apaintzeko gonbidapena luzatu du Amasa-Villabonako Udalak, "kondaira zaharrak dioenez erramuak gaitzak usatzen ditu eta".

Udal arduradunek dei berezia egin nahi diete herritarrei. Eskatu dute ikuskizuna etxeetatik (balkoi eta lehioetatik) ikustea eta kalera ez jastea. Modu honetan, kalean jende pilaketak gertatzen badira, ekimena bertan behera uztera behartuta egongo da Amasa-Villabonako Udala.

Gaurtik aurrera zabalik da Olaederra kiroldegia, COVID-19aren krisiaren ondorioz martxotik itxita egon ondoren. Ezinbestekoak diren segurtasun neurri ugari ezarri dira eta protokolo bat adostu da kiroldegiaren kudeaketaz arduratzen den Kirolzer SL enpresaren eta Amasa-Villabonako Udalaren artean.