- Alarma-egoeraren ondorioz bederatzi aste itxita egon ondoren, Olaederra kiroldegia prestaketa lanak egiten ari da ahal bezain pronto berriz ere ateak zabaltzeko. Deseskalatze prozesuaren baitan hirugarren fasean gertatuko da hori eta instalazioak kudeatzen dituen Kirolzer enpresak ez du argitu oraindik noiz izango den.

Zerbitzuak eman ahal izateko aplikatu beharko dituzten neurri guztiak diseinatzen eta planifikatzen ari dira, garbitasun eta segurtasun handiena bermatuz. Irekiera garbiketa eta desinfekzio baldintza onenetan egingo dela bermatu nahi dute, eta segurtasun-protokolo guztiak aplikatuko dira, bai langileentzako, bai erabiltzaileentzako.

Osasun Sailaren behin betiko protokolo baten zain daude, baina argia da baldintza ugari bete beharko direla. Hala, zerbitzuen edukiera murrizteko, aldez aurreko erreserbarekin egin beharko da; eremu komunen desinfekzioa areagotuko da; instalazioaren barruan pertsonak pilatzeko eta gurutzatzeko arriskua duten guneak saihestuko dira; eta langile zein erabiltzaileek babes-ekipoak erabili beharko dituzte.