- Tolosako Udalak badu dagoeneko Usabal kiroldegia eta Berazubi estadioa irekitzeko data: ekainaren 15a. Aurretiazko hitzorduarekin eta bakarkako kirola egiteko aukera izango da hasiera batean eta udari begirako proposamena ere garatzen ari da Kirolzer enpresa.

Alarma egoera ezarri zenetik, egoerak hala eskatuta, itxita mantendu dira bi espazioak herritarren segurtasun eta osasuna manten-tzeko. Konfinamendua leuntzeko prozesu honetan, jada kirol espazioak irekitzen hasteko aukera dago eta bi eremuak datorren hilean zabalduko dira, segurtasun eta prebentzio neurri guztiekin.

Instalazioak kudeatzen dituen Kirolzer enpresa Prebentzio Plana lantzen ari da, baita udarari begirako proposamena ere, segurtasun eta osasun neurri guztiekin ateak zabaldu ahal izateko.

Egoera aldakorra denez, Preben-tzio Plana egunean eguneko irizpide eta neurrietara egokitzen ari dira. Edozein kasutan, aurreratu dute, hasiera batean soilik bakarkako kirola egiteko aukera izango dela, oraindik ere, kontaktua duten kirolak egitea ezinezkoa delako.

Halaber, aurretiazko hitzordu bitartez funtzionatuko du, eta horretarako, sistemak eta plataformak antolatzen ari dira. Programa informatiko bat ere prestatuko dute herritarrei aurretiazko zita horiek nola egin azaltzeko.

Edozein modutan, datozen egunetan irekierari buruzko argibide guztiak emango dira: zein osasun eta segurtasun neurri hartu behar diren eta hartu dituen enpresak, zein kirol egiteko aukera izango den, espazioak nola antolatu diren edota aurretiazko hitzordua nola egin eta zertarako egin beharko den, besteak beste.