'Maiatza Saltsan' ekimenak aldaketak izango ditu


13.05.2020 | 01:59

Zizurkil – "Mugarrien inguruan ardaztuta genuen aurtengo Maiatza Saltsan egitaraua eta, nolabait, herria ezagutzeko gonbita zen mugarriak ai-tzakia hartuta. Horren barnean, ibilaldi antzeztua eta mugarrien mendi ibilbidea lantzen ari ginen kultura batzordetik, besteak beste", azaldu du Maite Amenabar kultur zinegotziak. Noski, ekimen nagusi horiez gain, beste hainbat prest zituen kultur batzordeak hilabetean zehar egiteko.

Osasun krisi honen egoerak baldintzatuta, Zizurkilen ez da aurten kultur hilabete nagusia izan ohi den Maiatza Saltsan egingo. Hala ere, gonbita luzatu du Udalak: herriko mugetatik atera gabe egin daitezkeen lau ibilbide proposamen egin ditu.

Ekitaldi handirik egin ezin den garaiotan, herria ezagutzeko gonbita egiten du Zizurkilgo Udalak. "Hernandorena Kultur Elkarteak hainbat ibilbide proposamen egin ditu, herriko mugetatik atera gabeko bi ibilbide aurkeztu genituen joan den astean eta oraingoan beste bi jarriko ditugu eskura.Oraingoen hasiera puntua PM. Otaño plazan da eta aurrekoak baino luzexeagoak dira", azaldu du Amenabarrek.

Egunotan, beraz, norberaren herritik ateratzeko dugun muga Zizurkil hobeto ezagutzeko aukera izan dadila herritarrentzat. "Badakigu, jende asko ari dela herriko txokoak deskubritzen eta gonbidapen hori egin nahi genuke", amaitu du zinegotziak. www.zizurkil.eus gunean kontsulta daitezke Zizurkilgo mugetatik atera gabe egin daitezkeen lau ibilbide proposamen.