- Zizurkilgo Udalak erabaki du bere eskumenekoak diren gaietan laguntza ematea herriko merkatari eta ostalariei, COVID-19ak sortutako osasun-krisiak eragindako kalteak arin-tzen laguntzeko.

"Egoera oso larria bizitzen ari dira zenbait sektore martxoaren 14tik etenda geratu zirelako publikoarekin lan egiten duten jarduerak, beharrezkotzat jotzen ez direnak. Honek ondorio oso larriak ekarri ditu merkataritza eta ostalaritzara eta Udalak eskumenak ez baditu ere, dagokizkigun zergen inguruan hainbat neurri hartu ditugu", azaldu dute.

Laguntza horiek eskuratu ahal izango dituzte jarduerak itxi behar izan dituzten Zizurkilgo merkatari eta ostalariek, jarduerarik izan ez dutenek edo aurtengo urtarrileko eta otsaileko datuekin alderatuta negozioan %60ko galera izan dutenek.

Dirulaguntza desberdinak jaso dira dekretuan: lokala jabetzan dutenek ez dute ordaindu beharko 2020ko Ondasun Higiezinen gaineko Zerga. Alokairuan dutenei, berriz, lokalari dagokion Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren zenbatekoa ordainduko zaie. Bestalde, ez da kobratuko 2020ko ekonomia-jardueren zerga eta aurtengo bigarren hiruhilekoari dagokion zabor-tasa. Azkenik, itzuli egingo da aurtengo bigarren hiruhilekoari dagokion ur-kontsumoaren zenbatekoa.

Ostalaritzarako erabiltzen diren udal-jabetzako lokalen alokairuaren kasuan, ez da errenta kobratuko, itxialdia indarrean dagoen bitartean. Dekretuaren testua osorik kontsultatu daiteke Zizurkilgo Udalaren web orrian (www.zizurkil.eus).