- Kexu dira Bedaion. Internet bidezko konexiorik eta telefonorik gabe daude auzoaren zati handi batean eta isolamendu egoera honetan euren inkomunikazio egoera are eta larriagoa dela diote. "Bizi dugun egoerari pobrezia digitala deituko genioke guk", salatu du Nekane Izagirre auzotarren ordezkariak.

Bedaiotarrak ere etxean egotera behartu ditu koronabirusak. Telelana berme guztiekin egiteko aukera, ordea, ez dute, eta ikasleek ere Internet erabiltzeko zailtasun handiak dituzte. "Telelana txistea da gure-tzat", gaineratu dute.

Urteak daramatzate zuntz optikoa sartzeko eskatzen. "Arazoa telefono linearekin dago; izorratuta dago eta zatika konpontzen dute. Baserri askotan adinekoak bizi dira eta edozein larrialdiren aurrean, telefonorik ere ez dute, edo ezinezkoa da beraiekin harremanetan jartzea. Erabat isolatuta daude", argudiatu dute.

Tolosako zentralitatik ADSL bidez iristen zaie Internet zerbitzua eta Bedaiora 0,8 edo 0,5 megabite iristen dira. "Kotxez mugitu behar izaten dugu mezuren bat jaso edo bidaltzeko", azaldu dute.

Movistarrek irtenbiderik ez diela ematen diote. "Arazo honen jatorria utzikeria da eta kasu honetan, enpresa handi batek duen botere aurrean administrazioaren utzikeria", diote.

Tolosako Udalak egoeraren berri badu eta babes zibila ari da landa eremuan behaketak egiten. Teleasistentziako lan-taldearekin harremanetan jarri zen udala laguntza ekipoak nola dauden jakiteko, Bedaion eta Tolosako beste landa auzoetako baserrietan ere. Antza denez, telefono finkorik gabe posible da asistentzia ematea eta, beraz, horretan dabiltza orain buru-belarri lanean. Bitartean, eta adinekoak modu seguruan artatuta daudela egiaztatu arte, Udalak "behaketa presentziala" egingo du eta horretarako emergentziazko taldea osatuta dago.