Tolosa - Tolosako zezen plazan hasitako lanak ez dira erabat amaitu, azken fasea gauzatzea falta baita oraindik, baina harmailak berritu dituzte hirugarren fase honetan eta Ostegun Gizenetik aurrera bertaratzen direnek itxura berria antzemango diote. Iparragirre Eraikuntzak SL enpresa arduratu da 724.965,41 euroko aurrekontua izan dute lanez uztailaz geroztik.

2016 urtean hasi zen zezen plaza zaharberritzeko proiektua exekutatzen Tolosako Udalak. Proiektuaren helburu nagusia da "zezen plaza erabiltzaileentzako ebakuazio eta segurtasun betebeharretara egokitzea". Zenbait ondorio ekarri dituzte lanek; hala nola, bertan sar-tzen den pertsona kopurua jaitsi egin da.

Lehen eta bigarren faseetan hiru irteera berri sortu ziren eta irteera bakoitzeko, 20 eserleku kendu ziren, hau da, 60 eserleku guztira. Palkoen egitura ere sendotu zen eta kanaloi guztiak aldatu ziren.

Orain, hirugarren fase honen baitan, aldiz, tendiduko harmailak eraberritu dira. Gaur egungo araudira egokitu ahal izateko hormigoizko harmaila berriak eraiki dira. Horrela, lehen zeuden hamabi harmailak eraitsi eta zortzi berri egin dira eremu berean. Eserlekuak orain handiagoak dira eta sektore bakoitzean zenbakiak jarri zaizkie. Modu honetara, egun legediak ezartzen dituen segurtasun eta irisgarritasun parametroak beteko ditu Tolosako zezen plazak.

Era berean, hormigoizko harmailen oinarria inpermeabilizatu da, eta euri-urak biltzeko sistema eta ur-hustubideak ezarri dira. Euri-urak zuzenean errekara joango dira eta horrek, eragin zuzena izango du plazaren mantenu eta kontserbazioan. Halaber, barandak egokitu dira eta margolanak gauzatu.

Tolosako Udalak aditzera eman duenez, eraikin zaharra eta babestua denez, "zezen plazaren eraberri-tze-proiektua berezia izan da eta konplexua izan da lanen gauzatzea". Pasa den astean amaitu ziren lanak, Inauterietarako egun gutxi geratzen direla, eta teknikari arduradunak, Olatz Peon alkatearekin batera, plaza bisitatu zuten emaitza ikusi ahal izateko.

Orain, azken fasea besterik ez da geratzen plaza guztiz zaharberri-tzeko. Laugarren fasean, palkoak berrituko dira eta behin lan guztiak amaituta, guztira 3.287 pertsona sartu ahal izango dira plazan.