Villabona - Galtzaundi Euskara Taldeko teknikariek Amasa-Villabonako 211 saltoki bisitatu zituzten 2018an eta 2019an, egitasmoari jarraipena emateko asmoz, egoeraren diagnostikoa egin da 119 saltokik osatutako lanunibertsoan.

Villabonako saltokietako arduradunen %70 da euskalduna. Langileei erreparatuz gero, ordea, egoera are euskaldunagoa da. Villabonako saltokietako 263 langiletik %76 da euskalduna eta beste %11 euskara ulertzeko gai da. Beraz, egoera Tolosakoaren parekoa da: saltokietako langileen %87ek ulertzen dute euskara, eta saltokien %87etan bada zerbitzua euskaraz eman dezakeen norbait.

Villabonako establezimenduen euskara-gaitasuna Villabonako eta Tolosaldeko euskara-ezagutza datuekin alderatuz gero, batez bestekotik gora dago: hurrenez hurren, billabonatarren %80ek eta Tolosaldeko biztanleen %84ek ulertzen baitute euskara.

Bestetik, Villabonako Udalak, Euskara Zerbitzuaren bitartez bideratzen dituen laguntza, zerbitzu eta material eskaintzen berri emateko, herriko errealitatera egokitutako gida osatu eta aurkeztu da saltoki guztietan. Honekin batera, saltokiek euskararen alde eman ditzaketen pausoen gomendio zerrenda ere jarri zaie eskura.

Euskara zerbitzuko eskaintzaren (karteldegia, euskalduntzea, itzulpenak, arlokako hiztegiak?) berri eman ondoren, %30ek eskaeraren bat egin dute beren saltokian euskararen presentzia hobetzeko. Saltokietako langileei eta arduradunen %95ari erabilgarria edo lagungarria izan zaie zerbitzua eta eskertu egin dute aurrez aurreko presentzia eta laguntza.

Merkatarien motibazioari dagokienez, oro har, merkatariak oso aktibo sentitu dira egitasmoarekin. Landa-lana burutzerako orduan, merkatariek egindako harrera eta eskainitako erraztasunak eskertzekoak eta nabarmentzekoak izan dira. Saltoki batzuk aldaketarako erakutsi duten nahia eta, ondorioz, ematen ari diren pausoak ere nabarmendu beharrekoak dira.