TOLOSA - Aktibatu 2020 Natura turismoa eta Iraunkortasunaren jardunaldiaren VIII. edizioa ospatuko da datorren otsailaren 13an, Tolosako Topic aretoan, BiziBiziki natura turismoa eta iraunkortasuneko aholkularitza enpresak antolatuta, Tolosako Udalaren, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

Turismoa lehen mailako sektore ekonomikoa den garai honetan, ezinbestekoa da turismo-estrategiak iraunkortasun klabeetan lantzea, eta helburu hori du jardunaldiak, azken finean, gizarte guztiarentzat onuragarria izan daitekeen turismoaren aldeko apustuan indarra egiteko.

Olatz Peon Tolosako alkateak atzo aurkezpenean nabarmendu moduan, “Tolosako Udalak apustu irmoa egiten du turismo jasangarriaren alde eta norantza horretan lan egin dugu eta lanean jarraituko dugu datozen urteetan ere; eta Aktibatu bezalako jardunaldia Tolosan ospatzeak garrantzia berezia du guretzat, bertako zein atzerriko hizlarien esperientzia, ezagutzak partekatu eta eredu ezberdinetatik ikasteko aukera eskaintzen digulako eta gainera, elkarlan publiko-pribatua susta-tzeko topagunea ere badelako”.

Goiz zein arratsaldean, protagonista nagusiak hitzaldiak izango dira; Euskal Herriko zein nazioarteko hizlariak izango dira, beraien esperientzia eta ezagutzak elkarbanatu eta gurera estrapolatu daitezkeen gaiak jorratuko dituztenak. Arratsaldean, berriz, hausnarketarako guneak ere eskainiko dira, horrela bazkal ostean mugikortasuna, turismo birsortzailea edota bisitarien fluxuen inguruko guneak bultzatuko dira. - M.S.S.