Tolosa - Datorren asteazkenean, 19.00etan, aurtengo Kirol Gala ospatuko da. Tolosako kirolari, kirol talde eta elkarteen lana balioan jarri eta urtean zehar izandako lorpenenatik errekonozitzeko helburuarea izango du. Leidor aretoan izango da, Aitor Elduaien kazetari tolosarrak gidatuta eta herritarrek ikusle moduan joateko aukera izango dute.

Hasiera batean urtero egiten bazen ere, Tolosako Udalak gala bi urtez behin egitea erabaki zuen. Azkena 2017an izan zen eta hurrengoa 2019ko abenduaren 18an egitekoa bazen ere, urtarrilera atzeratu dute Tolosa CF-Real Valladolid Kopako partidarekin bat ez egiteagatik.

Aurtengo ediziorako ere, ohikoa den moduan, Tolosako kirol elkarte guztiek beren hautagaiak proposatu dituzte, bakoitzaren lorpenak adieraziz. Proposamen horiek kontuan hartuz, elkarteek eta eragileek bozkatu dute nortzuk diren kirolari onenaren sarirako eta etorkizuneko kirolari aipagarriaren sarirako kirolariak.

Tolosako Udalak kirolaren beste balore batzuk sustatzen dituzten pertsonak eta eragileak ere errekonozitu nahi ditu ekitaldian. Horren baitan, kirolari edo kirol talderik onenaren kategoriaren baitan, bost sari emango dira: 14 eta 18 urte bitartekoen arteko neska kirolari onena eta mutil kirolari onena, 18 urtetik gorakoen artean neska kirolari onena eta mutil kirolari onena, eta guztien artetik hautatutako kirolaririk onena. Era berean, kirol jarduera eredugarriena ere sarituko da eta izendapen bereziak egingo dira.

Bi urtez behin egiten den ekitaldi honekin, zuzenean zein zeharka, kirolak bultzatzen dituen balio ani-tzak gizarteratzea lortu nahi da, kirolariei zein taldeei eta elkarteei errekonozimendu publiko bat eginez.

Sariei dagokionean, berrikuntza bat izango da aurten. Ohiko sariez gain, Kontuz! Kreatiboak taldeak egindako oroigarri berezi batzuk ere banatuko dira. Hiru dimentsiotan egindako poliedro formako oroigarri da, kutxa baten gainean kokatua, eta poliedro bakoitzak kirol balio bat irudikatzen du: indarra, malgutasuna eta ahalegina, besteak beste. Ohi bezala, diplomak, Tolosa&Co elkarteko dendetan erabiltzeko txartelak, bertako produktuekin osatutako saskiak eta kiroldegiko bazkidetzak ere banatuko dira. Kirolari onenak txapela ere jasoko du.