- Bi urte ondoren, ohiko formatua berreskuratuko dute Lezoko Udalak antolatzen dituen udalekuek. Hala, izena emateko epea maiatzaren 16tik 27ra bitarte izango da.

Udalekuak hiru urtetik hamabi urtera arte Lezon erroldatuak dauden haurrei zuzenduta daude, bere bizilekua aldatu dutenak edota etorkinen familiak salbu. Kasu hauetan Lezoko ikastetxean matrikulatuak behar dute egon.

Guztira, 200 plaza izango dira. Matrikulazioek, eskainitako plaza kopurua gainditzen badute, plaza horiek zozketaz esleituko dira.

Udalekuak Lezon uztailaren 1etik 29ra, biak barne, astelehenetik ostiralera izango dira, goizeko ordutegian: 9.30etik 13.30era. Gainera, lanean ari diren gurasoentzat haur-tzaindegi zerbitzua eskainiko da, 8.30etik 9.30era, udaleku irekiak hasi baino ordubete lehenago.

Joan den urtean, izen-ematea Internet bidez (www.lezo.eus) egitea gomendatu zen eta izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere matrikulazioa horrela egitea proposatzen du Udalak.

Alabaina, presentzialki egin nahi duenak aukera izango du Euskara eta Kultura sailaren bulegoan (Donibane kalea), 8.30etik 13.30era.