- Euskararen Paparazziak argazki lehiaketaren laugarren edizioa antolatu du Oarsoaldeko Euskara Batzordeak. Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan euskararen erabilera handitzeko, hizkuntza paisaiak duen garrantzia azpimarratzea du helburu egitasmoak.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Oarsoaldeko (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia) saltokietan ikusgai eta euskaraz dauden errotuluei, kartelei edo bestelako idatziei argazkiak atera, eta posta elektroniko bidez (euskararenpaparazziak@gmail.com, Wetransfer erabiliz, behar izanez gero) edo WhatsApp bidez bidali beharko dituzte 688 773 992 zenbakira.

Lehiaketan parte hartzeko ez da ez adin, ez bestelako mugarik izango, gehienez bost argazki aurkezteko muga baino ez.

Argazkiak astelehenetik maiatzaren 31ra bitartean bidali beharko dira eta lehiaketaren irabazleak ekainaren 15etik uztailaren 30era bitartean Oarsoaldeko saltokietan gasta-tzeko 400 euroko diru-saria irabaziko du, eta 200 eurokoa bigarren saridunak. Ekainaren 10ean emango dira ezagutzera irabazleen izenak.

Euskara eta merkataritza edo ostalaritza hobekien uztartzen dituen argazkia bidali duenak irabaziko du lehiaketa eta bigarrenak ere saria izango du. Originaltasuna eta argazkiaren kalitatea ere baloratuko direla adierazi dute antolatzaileek.

Informazio gehiago nahi duenak oinarriak eskura ditu www.oarsoarrak.eus webgunean.