- Eskualdetik atera gabe, Aste Santuko oporraldietan Oarsoaldea garapen agentziako turismo sailak haurrekin egiteko hamabi ibilbide proposatu ditu. Errenterian, Lezon, Oiartzunen edo Pasaiako paraje ederretan barrena ibiltzeko zirkuitu errazak dira. Ibilbide hauek biltzen dituen eskuorria Oarsoaldeko turismo bulegoetan eskuragarri dago, baita oarsoaldeaturismoa.eus webgunean ere.

Lehenengo txangoa Lezo-Altamira-Bordatxo da, oinez zein bizikletaz egin daitekeena. 3,4km-ko ibilbide oso erraza da, Lezoko Altamira auzoa zeharkatzen duena. Landa atlantikoko lursail tipikoetatik zehar murgiltzen da, Darietazarra eta Miura bezalako baserri garrantzitsuak kokatzen diren lekuetan.

Bestalde, Errenterian, Lau Haizeta parkea kokatzen da, natura eta ondarea primeran uztartzen dituena. Bertan hiru kilometro eskas dituen ibilbide homologatu erraz bat proposatzen da: SL-GI 4, Txoritokieta. Errenteriako Zamalbide auzora iritsi eta bertatik marka zuri eta berdeak jarraitu beharko dira. Bidean, Aitzetako Txabala trikuharria topatuko dute oinezkoek. Gainera, bertatik oso hurbil San Marko eta Txoritokietako gotorlekuak eta Txoritokietako monolitoa daude.

Gainera, Errenterian, 80 metroko altuera duen Arramendiko mendia dago, non ibilbideak proposatzen diren herritik atera gabe.

Historian zaletuek Beloaga gaztelura igo daitezke, Oiartzungo Guru-tze auzoko biribilgunean hasita.

Bestalde, ibilbideetan itsasoa ikusi nahi dutenentzat bi proposamen daude: Lezo eta Pasaia Jaizkibel menditik zeharkatzen dituen dorreen ibilbidea, non XIX. mendeko guda karlisten bost eraikin ikus daitezkeen, eta Pasai Donibaneko Puntetako ibilbidea, non bere alde zaharreko kalea gurutzatzen den.

Alabaina, ibilbide gehien jasotzen dituen lekua Aiako Harria Parke Naturala da. Han Malbazarko hezegunea, anfibioen bizilekua, Susperregi jatetxetik abiatuta ikus daiteke. Oiartzundik ateratzen den Arditurriko bide berdea oinez edo bizikletaz egin daiteke eta behin meatze gunera iritsita 3,3km dituen SL-GI 1007 ibilbide homologatua osatu daiteke. Marra zuri eta berdeekin seinaleztatuta dagoen ibilbide zirkular honek meatze paisaia paregabe bat ezagutzeko aukera emango du.

Aiako Harrian ere Elorrietako kaskoa eta Oielekuko harrespilak bisitatu daitezke.

Azkenik, Barrengoloia atsedenlekutik abiatzen diren lau orientazio ibilbide desberdin daude, luzera eta zailtasun desberdinekoak, mapa eta pistak jarraituta.