- Jexux Elosegi eta Pilar Sansinenearen omenez egindako egutegia banatuko du bihar Donibaneko Ubera liburutegian Sanjuandarren oroimena taldeak.

Banaketari 17.00etatik aurrera ekingo zaio herritar bakoitzak ale bakarra jasotzeko aukera izango duelarik. Egutegiaren bertsio digitala ere eskainiko da, herritarren parte-hartzea bultzatzeko aukera eskainiz (https://labur.eus/2022koegutegia). Horrela, hilabete bakoitzeko argazkiaren inguruan bere oroimenak partekatzeko aukera izango du herritar orok.

Esan bezala, egutegian Jexux Elosegi (1907-1979) eta Pilar Sansinenea (1905-1997) senar-emazteei omenaldia egiten zaie, Pasai Donibanen igarotako 20 urtetan herriari egindako ekarpena argazkien bitartez islatuz: Koxtape atletismo pista, SCRD Donibane, Ibaiondo aldizkaria, parrokiako zinema... Argazkiak 1942 eta 1960 artekoak dira, eta bertan herritar ugari ageri dira kirol jardueretan, jai egunetan edo ohiko zereginetan.

Egitasmoa Pasaiako Udalaren babespean garatu da eta Amua arropa dendaren laguntza jaso du. "Lerro hauen bitartez gure eskerrik beroena egutegiaren lanketan parte hartu duten eragile guztiei eta, bereziki, Aranzadi Zientzia Elkarteari argazkiak gurekin partekatzeagatik", adierazi dute Sanjuandarren oroimena taldetik.

Sanjuandarren oroimena taldea 2019an sortu zen Pasaiako Tokiko Bildumaren bidean urratsak emateko helburuarekin. 2021 urtean zehar sanjuandarren testigantzak jasotzeko bideoak grabatu eta argazki zaharrak aztertzeaz gain, Oarsopedia egitasmoan parte hartu dute taldeko kideek, bailarako eduki, ondare eta ezagutzak herritarren-tzat jasotzeko euskarazko Wikipedian. Ahalegin hauek urtearen amaieran loratu dira, 2022ko egutegiaren sorrerarekin.