2022ko aurrekontuak onartu ziren Oiartzungo Udalbatzarrean EH Bilduko baiezkoekin. EAJ abstenitu zen. 18,61 milioi euroko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen udal gobernu taldeak, aurtengoa baino %3,4 handiagoa.

Jon del Olmo Ogasun zinegotziak adierazi zuenez, "inoizko aurrekontu handiena Oiartzunen". Igoera diru-sarrerak handitzeko aurreikuspenak eragin du, batez ere Gipuzkoako Foru Funtsetik jasoko den kopuruarengatik.

Diru kopuru horrekin estrategikotzat jotzen diren lerroak landuko dira: energia trantsizioa, administrazioaren digitalizazioa edo ongizate arloko hainbat proiektu; tartean, Oiartzunen pobrezia eta bazterketa arriskuari buruzko ikasketa egitea eta eskualde mailan bazterkeria egoera daudenentzako egoitza sortzea.

Dirulaguntzen lerroa %5 handituko dela ere azaldu zuen Del Olmok, "batez ere kultura arloan sortzen ari diren mugimenduak laguntzeko".

Inbertsioetara bi milioi euro bideratuko ditu Udalak datorren urtean. Zati handi bat Altzibar auzora bideratuko da: biziberri-tzea eta pilotalekuaren proiektuetara. Gurutzeko bidegorria izango da beste inbertsio potoloa, Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu programarekin gauzatuko dena.

Esan bezala, EAJ abstenitu egin zen. "Nahiz eta guk egindako proposamena bazterkeria egoerak aztertzeko onartu duzuen, abstenitu egingo gara hutsuneak ikusten ditugulako: Urkabe Baita, hondakinen tasa eta fatxaden garbiketa, horma eta bidegurutze batzuk pankarta egonkorrak direlako. Eskubide urraketa iruditzen zaigu", adierazi zuten jeltzaleek.

Bestalde, 2022-2024 epealdirako Dirulaguntzen Plana onartu zen, ahobatez.