- Auzo batzarren parte-hartzaileen %53 emakumeak izan dira. “Pozgarria da ikustea berdintzen ari dela gizonen eta emakumeen parte-hartzea; adin-tarte gaztegoetan ohitura batzuk aldatzen ari direla nabari da”. Hala ere, 30 urtez beheitikoak aktibatu nahi dituzte.

Oiartzungo Udaleko gobernu taldeak aurtengo auzo batzarren balorazioa egin du: “Sentsazio ona” du Udalak. Aurten 109 herritarrek hartu dute parte auzo batzarretan, iaz baino gehiagok.

Udalaren eta herriaren egoerari buruzko informazio orokorra eta 2022ko aurrekontuen proposamena aurkeztu dituzte udal ordezkariek auzo guztietan. Auzo bakoitzaz hitz egiteko aukera ere egon da. Auzotarren ekarpenak jasota, “nola bideratu daitezkeen baloratzen” ari da Udala.

Aurten ere, auzo guztietan aipatu dira bizikidetza oztopatzen duten arazoak: txakur kakak ez jasotzea, hondakinak lurrera botatzea, ibilgailuen abiadura bizia, mugikortasun neurriak ez errespetatzea...

Epe motzean hasiko diren zenbait proiektu aurkeztu ditu Udalak: Altzibarko berrurbanizazioa eta frontoiaren kokalekua, Iturriozko aparkalekua edota Gurutzeko bidegorria.

Auzoen arteko oreka bermatzea da Udalaren egitekoetako bat. “Zoritxarrez, ez dugu urtero guztiak egiteko baliabiderik, horregatik, auzo ba-tzuetan gehiago egiten da urte batean eta besteetan, hurrengoan”. adierazi du.

Auzo bakoitzeko akta eta aurkezpenetarako erabilitako materiala eskura daude udal webgunean Udalaren Auzoen atalean.