- Urte hasieran, Lezo Emakume eta Gizonen hirugarren Berdintasun Plana diseinatzen hasi zen eta horretarako, gaur egun herriak berdintasunari dagokionean bizi duen egoeraren diagnostikoa egin eta esparru horretan orain arte egindakoa ebaluatu da, Murgibide aholkularitzaren eskutik.

Diagnostikorako herriko emakumeak, Cáritas eta Aiton Bordako kide eta langileak elkarrizketatu zituzten, besteak beste. Gainera, galdetegi bat ere bidali zuten etxeetara eta online egon zen eskuragarri, eta bide horretatik ere jaso ziren ekarpenak. Guztira, 111 lagunek parte hartu zuten prozesuan: 67 emakume eta 44 gizon.

Behin fase hau amaituta, Berdintasun Plana sortzeko prozesuak aurrera jarraituko du hilabete honetan eta dagoeneko mahaigaineratutako proposamenen inguruan kontrastatzeko saioak hasi dira, orain arte egitasmoan jardundako eragileekin. Irailaren 21ean, Hezkidetza mahaia bilduko da Kultura Aretoan eta irailaren 29an kultura, kirola eta euskara eragileak elkartuko dira.

Aurreikusitakoaren arabera, plana prest izango da azarorako. Ezustekorik ez bada, hilabete horretan egingo da dokumentuaren behin betiko aurkezpen publikoa. Dokumentua datozen urteetako bidai-orria izango da berdintasunaren arloan.

Lezon, beste herri askotan bezala, berdintasun politikak sendotzeko beharra dagoela azaleratu du Murgibide aholkularitzak. Izan ere, emakumeen egoera larriagotu da pandemia hasi zenetik.