- Oiartzungo Udalak eta Udalbiltzak hitzarmena sinatu dute. Geuretik sortuak egitasmo kulturala sortu dute eta arrakasta izatea espero dute. Euskal artistak (antzerkigintza, literatura eta ikus-entzunezkoak) egonaldi artistikoen bidez sorkuntzan laguntzea da egitasmoaren helburua. Beste herri batzuetan jadanik egiten da.

Oiartzungo Udalak ia 25.000 euroko ekarpena egingo dio egitasmoari, aurten %60 eta datorren urtean, gainerakoa, eta egonaldiko egoitza eskainiko die sortzaileei, Karrikako Iturburu etxean lan egingo dutelarik.

Oiartzungo Udalaren eta Udalbiltzaren arteko hitzarmenari esker, konkretuki "Oiartzunen egonaldi artistikoa egingo du konpainia batek eta 2022ko urtarriletik iraila bitartean, gure herrian ikusi ahal izango ditugu Geuretik sortuak-en baitan sortuko diren bost antzezlanak, ikus-entzunezkoen film bateratua eta literatur lanekin osatuko den liburu aurkezpena", adierazi dute udaletxetik.

Udalbiltzak lehiaketa publiko bidez aukeratu ditu Geuretik sortuak egitasmoan parte hartuko duten 26 proiektu artistikoak, beste hainbeste herritan garatuko direnak. Horien artean, Oiartzunen egonaldia egiteko Iruñeko Loremore konpainia hautatu da.

Loremore konpainiak Trapu zikinak antzerki sorkuntza kolektiboa onduko du Oiartzunen. Hiru asteko egonaldia, abuztuaren bukaeran hasita egingo dute konpainia osa-tzen duten lau kideek: Maialen Diez Urriza, Mikele Urroz Zabalza, Ione Irazabal eta Lucia Ezker.

Labaderoa izango da proiektuaren erdigunea, non emakumeek etxeko arropak garbitzen zituzten. "Omenaldia egin nahi diegu topaleku ere baziren espazio horiei, garbitzearen ekintzaren inguruan harilkatutako istorioen bidez", esan dute antzerkigileek.