- Kromosoma tailerrak zurezko jostailu didaktikoak diseinatzen eta ekoizten ditu eta aste honetan, Errenteriako Artisau Auzoan, Erdiko kaleko 13. zenbakian, denda zabaldu du. Ibilbide luzea duen enpresa da; Eva Diaz de Islak eta Alberto Monroyk 2014. urtean sortua, tailerra dute Beraunen eta orain Artisau Auzoan beraien produktuak saltzeko aukera ere izango dute.

Era berean, jostailuez gain, tailerrean prestatutako kaleko jolasen aukera zabala dute eta horrez gain, ikastaro ugari eskaintzen dituzte, tarteka iragarriko dituztenak.

Beraz, bere lana eta proiektua ezagutarazteko aste honetan, larunbatera arte, ate irekien jardunaldiak egingo dituzte. Hamabost minutuko bisitak izango dira eta aldez aurretik hitzordua hartu behar da info@kromosomatailerra.com helbidera idatziz.

Errenteriako Udalak Artisau Auzoa egitasmoaren baitan hirigune historikoan zaharberritu duen bigarren lokala da hau, Oarsoaldea garapen agentziaren bidez eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin. Beste lokalean Idoia Lizeaga bitxigileak lan egiten du eta bi tailer hauei Ainhoa Redondo ilustratzaileak bere kabuz atondutako baxua gehitu behar zaie. Beraz, gaur egun hiru tailerrek osatzen dute Artisau Auzoa.

Artisau Auzoa herriko ekonomia suspertzeko estrategiaren barruan kokatzen da, era berean hirigune historikoa birgaituz.