- Herriko sektore ezberdinetako enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei laguntzeko helburuz Oiartzun Suspertuz ekintza plana martxan jarri du Oiartzungo Udalak, Oarsoaldea garapen agentziaren bidez.

Udaletik azaldu dutenez, covid-19aren osasun larrialdiak jarduera ekonomikoan ere izan du eragina eta krisi egoera horretatik ateratzeko laguntza eskaintzea da Oiartzun Suspertuzegitasmoaren helburua.

Programa honek eragile ekonomikoen egoera hobetzeko eskainiko dien plana hauxe da: norberaren egoeraren diagnostikoa egitea, hobetzeko aukerak proposatzea, laguntza ekonomikoei buruzko informazioa ematea eta bakoitzaren ezaugarri eta beharren aholkulari-tza espezifikoa eskaintzea.

Zerbitzua erabat pertsonalizatua izango da eta kanpoko adituen laguntza ere izango da. Laguntza eskatu dezakete arlo hauetan aritzen direnek: ostalaritza eta turismoa, merkataritza, garraioa eta logistika, metalurgia, kautxua eta plastikoa, eraikuntza, garraio-materiala, aisia eta kultura, hezkuntza, teknologia, soziosanitarioa eta elikadura.

Oiartzunen bulego propioa izango du egitasmo honek, Oarsoaldeako garapen agentziaren Mamuteko bulegoetan. Oiartzun Suspertuz bideratuko duen teknikariarekin egoteko, aldez aurretik hitzordua hartu beharko da, 943 494 129 telefonora deituz.