- Okindegiei zuzenduko dizkieten ekimenak aurkeztu dituzte aste honetan Oarsoaldeko lau Udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, merkataritzan eta ostalari-tzan euskararen normalizazioa sustatzeko helburuarekin.

Atera mamia euskarari lelopean, dagoeneko 81 establezimenduk izena eman dute eta doako eskaintza bereziak izango dituzte. Horrela, 100 egun, 100 hitz egutegia banatu zaie okindegiei, apirilaren 14tik uztailaren 22ra bitartean euskarazko hitz bat ikasteko aukera emanez. Gainera, ohikoen diren hamalau ogien euskarazko izenekin kartoi lumazko panela emango zaie. Horretaz gain, okindegietako hiztegitxoa ere banatu zaie.

Bestalde, jendaurrean dituzten idatzi eta oharrak euskaraz jartzen lagundu zaie doan (itzulpenak, maketazioa, paisaia linguistikoa euskalduntzeko euskarriak, aholkularitza teknikoa…).

Hau guztiaz gain, ohikoa den moduan, bezeroentzat sariak egongo dira. Honela, urriaren 15etik azaroaren 15era, okindegi eta gozotegietako produktuak euskaraz eskatzen dituzten bezeroei boleto edo txarteltxo bat emango die saltzaileak.

Txartel horietan izen-abizenak eta telefonoa idatzi eta establezimendu bakoitzean jarriko den kutxatxoan sartu beharko dira.

Azaroaren 17an egingo diren zozketetan, establezimendu bakoi-tzeko irabazle bat aterako da eta hilabeteko ogia (50 euroko erosketa eskubidea) eskuratuko du boletoaren jabeak. Hilabeteko ogia establezimendu berean hartu beharko du.

Parte hartu nahi duten okindegiek bere herriko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri behar du.