- Tomas Garbizu musika eskolako hari orkestrak burutuko duen tailerrak emango dio hasiera gaur Lesoinuri, Lezoko Aste Pedagogiko Musikalaren 35. edizioari. Saioa 18.00etan Gezala Auditoriumean izango da.

Asteburu honetan beste zita bat ere egongo da. Bihar 12.30ean Gezalan, Jan Van Charles Group klarinete taldea (Lezoko, Oiartzungo eta Hondarribiko musika ikasleek osatua) taula gainera igoko da.

Izan ere, Lesoinu martxoaren 26ra arte luzatuko da eta ekainaren 5ean ere beste kontzertu bat eskainiko du. Guztira, hamabi emanaldi antolatu ditu edizio honek.

Aste honetan egindako aurkezpenean, Xanti Espinak, musika eskolako arduradunak, egitaraua hiru ataletan zatitu zuen. Lehenengoa kontzertu pedagogikoak izango dira; bigarrena, martxoaren 19an eta 26an burutuko dena, ikasketak amaitu edo amaitzear dituzten gazteei eta profesionalak izan nahi dutenei eskainitakoa da (gonbidapenak, musika eskolan); hirugarren atala, profesionalek gidatuko dute, eta hilaren 19, 20an eta 21ean programatu dituzte emanaldiak. Lezora etorriko dira Angel Unzu Trio &Andrzej Olejniczak, Arain Sainz Trio eta Sara Zozaya.

Hiru kontzertu horietarako sarrerak zortzi euroan eskura daitezke Lezoko Udalaren webguneko agenda atalean.