- Bihar hasiko da Errenterian Gipuzkoako XI. Euskal Pilota Egokituko Txapelketa, datozen hilabeteetan hainbat herritan jokatuko dena.

Txapelketak bi modalitate ditu: Teniseko paleta (adimen urritasuna duten pertsonak lehiatuko dira) eta Gomazko paleta gurpildun aulkian. Biak banaka zein binaka jokatuko dira.

Antolatzaileek azaldu dutenez, lehen jardunaldi hau jenderik gabe jokatuko da, osasun neurriak direla eta; baina, egoerak aurrera egin ahala, aurrerago jardunaldi batzuk jendearentzat ireki ahal izatea espero dute.

Errenterian, Agustina Otaola pilotalekuan, txapelketako hiru jardunaldi jokatuko dira: biharkoa, eta hurrengoak apirilaren 17an eta ekainaren 12an.

Atzo Agustina Otaola pilotalekuan egindako aurkezpenean, federazioetako eta Aldundiko ordezkariek, Mindara elkarteak, txapelketa jokatuko den udalerrietako alkate edo zinegotziek eta Beñat Lizaso eta Manu Quesada pilotariek parte hartu zuten.