Oiartzun | 'Haur erbesteratuak' dokumentala aurkeztuko du Kattin-Txiki elkarteak

Oiartzungo oroimen historikoa berreskuratzeko lan berri hau otsailaren 13an proiektatuko da

08.02.2021 | 00:43
Euskal Herriko haur batzuk atzerrira alde egiten. Argazkia: N.G.

Oiartzun – Otsailaren 13an 12.00etan Oiartzungo udal pleno aretoan estrenatuko dute Haur erbesteratuak dokumentala, Kattin-Txiki Oroimen Historikoa elkarteak ekoitzita. Aurkezpena gonbidapenez egingo da eta bertaratu nahi duenak aldez aurretik telefono hauetara deitu behar du: 673 024 044 edo 656 781 545.

35 minutuko dokumentala da eta bertan 1936ko gerrak eztanda egin ondoren Oiartzun utzi behar izan zuten Maria Gaztelumendi Sagarzazu, Nikolas Aristizabal Alzugarai, Maria Luisa Lahoya Lapesa, Manoli Mujika Ezponda eta Maritxu Mujika Ezpondaren testigantzak jaso-tzen dira. Herritar hauek haurrak zirenean Frantzia eta Ingalaterran egon ziren eta bertako familiek edo harrera-taldeko kideek hartu zituzten. Dokumentalaren proiekzioarekin batera erbesteratutako herritar hauek omenduko dituzte.

Dokumentalean jasotzen denez, gerra aurrera zihoanean gipuzkoarrek Bizkaiara ihes egin zuten. 100.000 bat lagun izan ziren, gehien-gehienak haurrak. Itsasoa zen irtenbide bakarra, itsasotik bakarrik joan zitezkeen Frantziara, Ingalaterrara, Danimarkara, Belgikara, Errusiara eta baita Mexikora ere. Guztira 37.930 haur erbesteratu ziren 30 itsasontzik egindako 61 bidaietan.

Gerra amaitu eta urte batzuetara Espainiara itzuli ziren haurrak bestelako egoera bat aurkitu zuten: Elizak kontrolatutako Espainia Francozale bat. Haur hauek arbuiatuak eta bazterturak izan ziren gorrien seme-alabak zirelako.