- Lezoko Ijurko auzoko igogailu berria aste honetan zabaldu eta martxan jarri da lau hilabeteko lanen ostean. Ez da inaugurazio ekitaldi berezirik egin pandemia dela eta, baina ostiral goizean, Lezoko alkatea, Jesus Mari Martiarena, gobernu taldeko hainbat zinegotzi, EH Bilduko ordezkariak eta udal teknikari ba-tzuk bertaratu ziren. Eusko Jaurlaritzatik ere, Pablo Garcia, Etxebizitza zuzendaria, gerturatu zen Lezora.

Ijurkokoa herriko bigarren igogailu publikoa da. Auñamendi eta Aralar kalea lotzen dituen igogailu honen eraikuntza lanak 2020ko irailean ekin zioten. Estruktura berriak, esan bezala, Aralar eta Auñamendi kaleen artean dagoen desnibelari erantzuna ematen dio eta eremua herritar ororentzat irisgarria bilakatu du. Beraz, bere helburua argia da: eremuko irisgarritasuna hobetzea eta Lezo herri atseginagoa eta herritar guztiei egokitutakoa eraikitzeko bidean urratsak egiten jarraitzea. Ijurkoko igogailua auzoko biztanleen urtetako eskakizuna izan da.

Izan ere, udal Gobernuaren lehentasunetako bat da, lehen egunetik, herriko irisgarritasuna hobetzearen alde lan egitea, Lezon bizi diren herritarren bizi kalitatearen, mugikortasunaren eta ongizatearen mesedetan.

Ildo horretan, azken urteetan hainbat lan egin ditu Udalak herriko muga arkitektonikoak ezabatu eta Lezo irisgarriagoa egiteko. Esanguratsuena Altamirako igogailua izan da.

Aipatu hori Irisgarritasun Planaren osagarria den Irisgarritasun Plan Bertikalean jasoa dago. Altamirakoa herriko lehen igogailua izan zen, 2019an.