- Pasaiako EH Bilduk udal Gobernua osatzen duten PSE-EE eta EAJk herriko jai batzordeei eta elkarteei bizkarra eman dietela salatu du: "Pandemia egoera aitzakia gisa hartuta, eragile hauek gabonetan antolatu behar zituzten ekitaldi guztiak (Olentzero eta Maridomingiren harrerak, Erregeen harrerak...) debekatu dituzte, nahiz eta proposatutako ekitaldiek segurtasun eta higiene neurri zein protokolo guztiak betetzen zituzten".

Pasaiako EH Bilduren ustez erabaki hau erabat "ulertezina eta gaitzesgarria" da. Argudiatu dutenez, egoera berezi honek neurri berezi eta sortzaileak eskatzen ditu: "Gauzak beste era batera egin behar ditugu, jakina, baina horrek ezin du suposatu dena debekatzea; are gutxiago herriko eragileak alde batera eta erabakietatik kanpo uztea". Izan ere, oposizioko talde nagusiak aditzera eman duenez, inguruko herrietan egin dira gabonetako ekitaldiak.

"Gure eragileengan eta berraktibazio sozialean zein elkarlanean sinisten badugu, Udalak erreztaile behar du izan. Eragileei akonpainamendua egin behar zaie, aholkuak eman behar zaizkie eta, batez ere, euren dinamikan lagundu behar da, baliabideak eskaini eta eman", azpimarratu dute.

Gogorarazi dutenez, Jai Batzordeek "izugarrizko lan bolondresa" egiten dute herria bizia izan dadin. Bere aburuz, Udalari hori laguntzea eta sustatzea dagokio eta horretarako gutxienekoa elkarrizketa eta elkarlana dira. "Gure ustez Pasaiako Udala, urrun dago oso, debekua ez baita bidea", amaitu dute.