- Gaur arratsaldeko 19.00etan norbera bere etxeko leiho edo balkoietara irten, eta ikastetxe, euskaltegi zein udal ekipamenduetan banatuko dituzten koloretako makiltxoak astindu beharko dituzte. Herritarrek aukera izango dute, gaur bertan 17.00etatik 18.30era Lau Haizetararen egoitzan edo Merkatuzarren makiltxoak jasotzeko.

"Makiltxo hauek, tolestean, barnean duten argia aktibatzen dute, eta ilunpean deigarri geratzen dira. Gailu horien bidez Euskaraldiaren koloreak zabalduko ditugu herrian zehar", adierazi du aste honetan burututako agerraldian Maitane Aizkorretak, Euskaraldiaren Herri Batzordeko kide eta koordinatzailea.

Gainera, herritarrak argazkiak eta bideoak ateratzera gonbidatu dituzte, une hau ikusgarri egiteko. Irudiak euskaraldia@errenteria.eus helbidera bidal daitezke. Sare sozialetan zabalduz gero, @euskaraldiaerrenteria edota #700baietz traola erabili behar dira.

Hori dela eta, herritar guztiei parte hartzeko gonbidapena luzatzen diela berretsi du.

Bestalde, Aizkorretak eta Errenteriako Udaleko Hizkuntza Politikarako zinegotziak, Itziar Ostolazak, Euskaraldiaren orain arteko balorazioa egin dute.

Pandemia honek gogor jo badu ere, errenteriarrek gogotsu heldu diote Euskaraldiari: 2.100dik gora errenteriarrek izena eman dute Ahobizi (1.600 inguru) edo Belarriprest (500 baino gehiago) rola jokatuz. Hau da, egoerak ez lagundu arren, ia 2018an adina pertsonak eman dute izena. Baina, aurten, gainera, 54 erakundek ere izena eman dute, eta horietan 225 arigune sortu dira, euskaraz aritzeko gune mordoa, alegia.

Hori dela eta, Euskararen Eguna omenalditxo bat egiteko aprobetxatu nahi izan dute, eta Errenteriako Euskaraldiaren Herri Batzordeko kideek ekintza hau proposatu diete herritarrei.