- 2021eko aurrekontuak onartu zituen Lezoko Udalak aste honetako osoko bilkuran. Aipatu dokumentuak udal Gobernuak egindako proposamenari jarraiki egin zuen aurrera, hain zuzen EAJ/PNV eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk, aldiz, kontra bozkatu zuen.

Gauzak horrela, aurrekontu dokumentuan jasotakoaren baitan, udal dirulaguntzak momentuko beharren arabera jarriko dira martxan. “Kontuan izanda behar horiek pandemiaren bilakaeraren araberakoak izango direla eta horrenbestez, horien irismena ezezaguna dela oraindik, laguntza horiek kreditu globalaren eta udal gerakinaren bidez finantzatuko dira”, azaldu zuten Udaletik. Udal laguntzei gainera, ondoren, Eusko Jaurlaritzatik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik datozenak gehituko zaizkie.

Horrez gain, herri nortasuna mantendu eta indartze aldera, kultura eta kirolaren aldeko apustu irmoarekin jarraituko du Udalak. Horretarako, besteak beste, ekitaldi, ikuskizun, ekimen eta jarduera guztiak mantenduko ditu, osasun krisiak horiek aurrera eramateko aukera ematen duen heinean, behintzat.

Era berean, gizarte programa, zerbitzu, prestazio eta laguntzei bideratutako partida guztiak mantenduko dira eta Gobernu taldeak Lezoko III. Berdintasun Plana idazteko kontu-saila handitzearen aldeko konpromisoa azaldu zuen. Euskara sailak, halaber, udal aurrekontuaren %4 jasoko du eta Enplegu Planak dagokion diru-partida izaten jarraituko du.