- Errenteriaren etorkizuneko erronkei, oro har, eta euskal hiztunen komunitatearen garapenari ekiteko partaidetza prozesu ireki bat antolatu du Lau Haizetara elkarteak.

Prozesua bi ordu eta erdiko hiru saiotan egingo da (diagnostikoa, balorazioa eta proposamenak). Saioak Errenteriako Merkatuzar udal aretoan egingo dira, hilean behin, hiruhileko honetan. Lehenengo saioa datorren ostegunean egingo da, 18.00etatik 20.30era; hurrengo bi saioak, aldiz, azaroaren 12an eta abenduaren 4an izango dira, azken hori Euskaraldiaren amaierakin bat eginez.

Prozesuak Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako Zuzendari-tzaren babesa eta Errenteriako Udalaren laguntza ditu, baita Euskaltzaleen Topagunearen sostengua ere. Era berean, EMUN aholkularitzaren laguntza teknikoa ere badu ekitaldiak, eta Itziar Nogeras kultur kudeatzaileak aurkeztuko du.

Osasun segurtasuna dela eta, aldez aurretik izena eman beharko da telefonoz (erantzungailua: 943 340 143), WhatsApp bidez (688 765 398) edo posta elektronikoz (bulegoa@lauhaizetara.eus).

1992an Lau Haizetara elkartea sortu zenetik, fenomeno globalek eragina izan dute gizartean, aldaketa soziopolitiko handiak gertatu dira Euskal Herrian eta euskal hiztunen komunitatea sakon eraldatu da; gainera, elkarteak agortze zantzuak agertzen ditu, aspaldi. Horri guztiari COVID-19aren pandemiak eragindako krisia gehitu behar zaio, erabat baldintzatu baititu bizi-tza pertsonala eta soziala. Lau Haizetararen iritziz, gaur egun bai gizartea bai euskal hiztunen komunitateak bidegurutze batean daude. Horregatik erabaki dute prozesu parte-hartzaile hau antolatzea.

Gogorazi dutenez, elkartea XX. mendeko 80ko hamarkadan Euskal Herrian euskararen sustapen sozialaren aldeko mugimendu euskaltzalearen altzoan sortu zen. Lau Haizetarak euskararen eta euskal kulturaren inguruan ekin zion ibilbideari. Ondoren, beste eremu batzuetan lan egin zuen: haurren eta gazteen aisialdia, komunikabideak...

Baina, urteen poderioz, elkarte askotan gertatzen den bezala, eta hainbat arrazoi direla medio, elkarteko kideen presentzia eta elkartearen ekimena ahulduz joan zen. Alabaina, iaz elkartean pertsona talde berri bat sartu zen, Lau Haizetara berritzeko helburuarekin.