- Saroiak izango dira hizpide Errenteriak Ondarearen Europako Jardunaldien V. edizioaren programaren baitan prestatuko bi ekimenetan.

Honela, asteazkenean 19.00etatik aurrera Fanderiako Errotako Ibaiaren Interpretazio Zentroan Saroiak Errenterian hitzaldia prestatu da (euskaraz). Errenteriako Udalak antolatua, eta Luis Mari Zaldua Etxaberen (Euskal Filologian doktorea, saroietan aditua) eskutik, Euskal Herriko eta Errenteriako saroiak ezagutzeko aukera izango da.

Saroiak mendiko lursailak dira, Euskal Herrian forma biribilagatik eta erdian kokatutako harri batetik abiatuta egituratuta egoteagatik bereizten direnak, besteak beste, artamugarria deritzona. Hitzaldi honetan bere jatorria, erabilerak eta garapen historikoa erakutsiko dira.

Saroien gaiarekin amaitzeko, larunbatean, 10.00etatik aurrera, Erdi Aroan sortutako Igantziko eta inguruetako saroiak ikusteko Aldura mendian irteera gidatua antolatu da. Ibilitako distantzia guztira sei kilometrokoa da. Ibilaldia erraza da, baina hiru orduz ibili behar da. Oinetako egokiak eramatea ezinbestekoa da. Abiapuntua Susperregi jatetxea izango da. Lehenengo txango hau euskaraz izango da, baina urriaren 17an ibilaldia errepikatuko da eta azalpenak gazteleraz emango dira.

Aipatutako ekitaldiak doan dira, baina parte hartzeko izena turismo bulegoan eman behar da (tfno.: 943 494 521. Posta elektronikoa: turismoa@oarsoaldea.eus).

Amaitzeko, Eresbil. Musika Ondarearen ezagutza izenburuko mahai-ingurua (euskaraz) burutuko da urriaren 30ean 11.00etatik aurrera Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren egoitzan (Alfonso XI Kalea, 2).

Ekintza hau ere bai doakoa izango da, baina aldez aurreko izen-ematea beharrezkoa da (tfno.: 943 000 868 edo bulegoa@eresbil.eus).