- Urteko errepasoa eta Udalaren egoera aurrez aurre azaltzeko eta egon daitezkeen zalantzak argitzeko, auzo batzarrak egingo ditu Oiartzungo Udalak urriaren 5etik 8ra.

Horiez gain, 2021eko aurrekontuaren behin-behineko proposamena aurkeztuko zaie herritarrei. Azkenik, auzo bakoitzaren egoeraren errepasoa egingo da: orain arte egindakoak eta egon litezkeen ekarpenak ere jasotzeko.

Aurreratu dutenez, COVID-19 gaixotasunak eragin zuzena izan du udalgintzan eta Udalaren egoera ekonomikoan zein jardunean ere, eta horren berri ere emango da.

Pandemiak ere eragina izango du auzo batzar hauen antolaketan. Izan ere, jende pilaketak saihesteko, aforo mugatuak izango dira aurten eta auzoetan daudenak baino espazio egokiagoak izateko, auzo batzuetako bilerak udaletxeko areto nagusian egingo dira (Altzibar, Arragua, Iturriotz eta Ugaldetxo). Beste auzoetako bilerak (Elizalde, Ergoien, Gurutze eta Karrika), ohiko tokietan egingo dira.

Tokia aurretik erreserbatzen dutenek lehentasuna izango dute auzo batzarrean sartzeko. Bestela, aforoa bete arte sartzeko aukera izango da. Tokiaren erreserba egiteko ekarpenak@oiartzun.eus helbidera idatzi edo 943 491 862 telefonora deitu beharko da.

Auzo batzar guztietan segurtasun distantzia mantendu eta musukoa jantzita izan beharko da

Bilera guztiak 19.00etan hasiko dira eta hauen egutegia oiartzun.eus webgunean ikus daiteke.