- Bizi Errenteria programaren barne antolatutako hirugarren dinamizazio plana abian jarri du Errenteriako Udalak Txoke eta Suspertze Planaren baitan. Fase honetan, osasuna eta edertasuna taldean parte hartzen duten merkatariak izango dira hurrengo bi asteetan euren eskaintzekin herria sustatuko dutenak.

Kanpaina honi esker, herritarrek edota bezeroek hamabost eurotik gorako balioa duten erosketak egiten dituztenean, komertzio bakoi-tzak partaide den beste batean kontsumitzeko tiketa oparituko dio eta alderantziz; horrela, ekonomia zirkularra eta herritarren eta Errenteriako denda desberdinen artekodinamizazioa sustatuz.

Osasun aldetik, fisioterapia zentroak, hortz klinikak, ortopedia edota optikak dira partaide. Edertasunaren alorrean berriz, ileapaindegiak, makillaje profesionalak eta estetika zentroak, besteak beste.

Egistasmo honen iraupena tiket kopurua agortu arte izango da eta horiek kontsumitu edo gozatzeko epemuga, 2020ko abenduaren 31a izango da.

Horrez gain, Irakurri liburu bat ileapaindegianzaudenean ere lelopean, ileapaindegi eta liburutegien arteko zeharkako ekimena ere jarri da martxan. "Bizi-tzen ari garen osasun egoera honetan ileapaindegiek hartu behar izan duten neurri bati, aldizkari eta paperak ez edukitzeari hain zuzen, erantzutea da helburua, liburu-dendetan deskontu bat eskainiz eta aldi berean, kulturaren kontsumoa eta irakurketa sustatuz", azaldu dute Udaletik.

Bizi Errenteria programara atxikita dauden ileapaindegietako bezeroek bertako tiketa erakutsiz gero, Errenteriako lau liburu-dendetan (Xenpelar, Noski, Rojas eta Mirentxu) % 10eko deskontua izango dute liburu bat erosteko orduan, urriaren 15era bitartean.