- Hazilan ekimenak enplegu bilaketan lagunduko ditu 20 eta 44 urte arteko tituludunak. Gaitasun pertsonalak eta profesionalak hobetu edo garatzeko 80 ordutako hasierako prestakuntza prozesu bat egingo dute eta, ondoren, norbere profil profesionalarekin lotura duten enpresatan aldi baterako praktikak egiteko aukera eskainiko zaie.

Izena emateko epea ostiralean amaituko da eta online egin beharko da https://forms.gle/dW9TwCNUZ-wDDsQez7 plataformaren bidez.

191 pertsona dira jada Hazilan Oarsoaldea egitasmoan parte hartu dutenak eta programa amaitutakoan, %75etik gora lana lortu dute. Ziurtatu dutenez, programa honek parte-hartzaileei lana bilatzerako orduan motibazioa eta segurtasuna areagotzen laguntzen die, besteak beste. Izan ere, Oarsoaldea agentziatik aditzera eman dutenez, hasierako prestakuntza prozesuan hainbat gai jorratuko dira, gazteen gaitasunak garatu eta enplegu aukerak areagotzeko xedez: lanbide-profila definitzea eta ahulguneak eta indarguneak aztertzea, hobetzeko teknikak, autoezagutza, talde-dinamikak, gizarte eta komunikazio trebetasunak, marka pertsonala, enplegua bilatzeko tresnak, proiektu pertsonalizatua garatzea... Eta bere egoera berean dauden beste taldeko kideekin egoteak dituen onurak ikusiko dituzte.

Informazio gehiago behar dutenek 943 404 101 edo 943 510 200 telefono zenbakira deitu dezakete edota olibet@oarsoaldea.eus helbide elektronikora idatzi.