- Ikasturte honetan, elikadura jasangarriaren ikuspuntutik aztertu dute klima aldaketa Errenteriako Eskolako Agenda 21ean (EA21) parte hartzen duten ikastetxeek, 4.800 ikasle inguruk. Lehenengo urratsak eman ondoren, COVID-19a dela eta, EA21 programa martxora arte landutako lekuan utzi behar izan dute.

Egoera normal batean, Ikasleen arteko Foroan adostutako puntuekin azken txostena prestatu eta Udalbatzan, alkateari aurkezten zaizkio: batetik ikasturtean zehar egindako lana eta, bestetik, herri diagnostikotik ondorioztatutako proposamenak.

Aurtengoan, horiek guztiak bateratu, txostena egituratu eta udal ordezkariei aurkeztu zaie, baina modu digitalean.

Gogorarazi dutenez, lehenengo bi hiruhilekoetan planifikatutakoa (sentsibilizazioa, ikastetxeko diagnostikoa, komunikazioa) ongi bete duten arren, hirugarren hiruhilekoan egin beharrekoa, tartean herri diagnosia, erdizka utzi behar izan dute. Hainbat ekintza burutu badira ere, amaiera borobiltzeko ondorioak ateratzea ez da nahi bezain ongi lortu.

Hala ere zenbait ondorio garrantzitsu finkatzea lortu dute. Lehenengoa, bertako eta garaiko elikagaien sustapena da eta horretarako herriko azokak indartzea, baratze parkea handitzea edota kontsumo taldeak ezagutaraztea proposatu dute.

Bestalde, elikagai zarrastalkeriaren kontra lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartu dute eta horretarako taberna, jatetxe eta Elikagai Bankuarekin harremanetan egongo dira.