- Zabarre piratak eta lezoarrek datorren urtera arte itxaron beharko dute Mendekoste jaiak orain arte ezagutu bezala ospatu ahal izateko. Lezoko Udalak azken momentura arte itxaron du mendekosteak bertan behera gelditu direla jakinarazteko, asteburu honetan ospatu behar bai-tziren.

Izan ere, COVID-19ak eragindako osasun larrialdi egoera dela eta, "beste hainbat herrietako jaiekin gertatu bezala, hala nola, sanferminak eta Gasteizko Andra Mari Zuriaren jaiak, Donostia eta Bilboko Aste Nagusiak e.a., egoerak behartuta Lezoko jaiak ere bertan behera gelditu dira herritar ororen segurtasuna, osasuna eta ongizatea bermatu ahal izateko", adierazi du Lezoko Udalak.

Bide horretan, baina, egun berezi horiek gogorarazteko eta alaitzeko, bi txistulari diana antolatu ditu Jai Batzordeak asteburuan zehar, hori bai, dianako partaideen artean uneoro segurtasun neurriak mantenduz eta bermatuz.

Udalak herritarrei festak etxean ospatzeko deia luzatu die segurtasun eta osasun neurriak betez eta, besteak beste, pirataz mozorrotzera eta balkoiak eta leihoak oihalekin apaintzera gonbidatuz.

Azkenik, Lezoko erizainen Zure ardura, nire babesik onena kanpainari jarraiki, herritarrei jai egunak izango litzateken hauetan ere, orain arte bezala arduraz jokatzeko eskatzen die.

"Datorren urtean elkar egingo dugu guztiok, festa mundialak ospa-tzeko. Bien bitartean, datorren urtera arte: Zabarre, gogotsu itxarongo zaitugu!", animatu dute Udaletik.

Duela egun gutxi ere Pasaiako Udalak bere lau barrutietako festak bertan behera geldituko zirela jakitera eman zuen. COVID-19ak eragindako osasun larrialdi egoera aintzat harturik eta Eudelek ezarritako jarraibideak betez, Udalak festarik ez ospatzea erabaki zuen.