'Hezitzaileak kalean' martxan jarri dute

Errenteriako Udalak egitasmo honen bidez informazioa helaraziko die haur eta nerabeei

19.05.2020 | 00:29
Dinamitzaile bat txalekoa eta identifikazioarekin. Argazkia: N.G.

Errenteria – Aste honetan Errenteriako Udalak Hezitzaileak kalean ekimena martxan jarri du, haur eta nerabeen kolektiboetara hurbiltzeko xedearekin. Bi helburu betetzeko sortu da zerbitzu berri hau: alde batetik, haur eta nerabeei eta beraien gurasoei Gazteria eta Udalaren informazioa ematea eta dekretuetan beraiei buruz agertzen diren neurriak eta zenbait gomendio eskaintzea; eta bestetik, urtean zehar adin txikikoekin lanean aritu diren profesionalak beraiengana hurbiltzea, berriz ere kontaktua har dezaten.

Zerbitzua urtean zehar Gazteria Azpisailarekin lanean aritzen diren profesional eta boluntarioek emango dute astelehenetik ostiralera honako gune hauetan: Gabierrota-Lartzabal, Beraun, Kaputxinoak, Agustinak, Markola-Fanderia, Erdigunea-Xenpelar, Erdigunea-Alameda eta Iztieta-Ondartxo. Gune guztietan 17.00etatik 19.00ak arte dinamizatzaile bikote bat egongo da beti (euria egiten duenean izan ezik). Honez gain, egunero, gaztelekuen ohiko guneetan, 20.00etatik 21.00ak arte, dinamizatzaile bikote bat egongo da.

Dinamizatzaileak identifikatu ahal izateko txaleko gorria eramango dute eta baita identifikazio txartela ere. Esan beharrik ez, beharrezkoak diren prebentzio neurriak beteko dituztela.

Udalaren eta dekretuen inguruko informazioa emateaz gain, blogaren eta Instagram kontuaren inguruko informazioa ere emango da, oraindik eskaintza hori ezagutzen ez dutenentzat batez ere. Bestalde, egoera normalizatzen doan heinean, astean zehar sare sozialetan egiten diren proposamenak kalera aterako dira, alde batetik, proposamen hori jende gehiagori zabaltzeko ideiarekin, eta, bestetik, proposamen hori osatzeko, eskulanen kasuan materialen bat emanez (ondoren etxean egiteko), eta beste ekintzen kasuan, parte-hartze berezi bat sustatuz.