Bosgarren online topaketa antolatuko du Oarsoaldea garapen agentziak


07.05.2020 | 01:02
Mikel Markuleta, ikastaro batean. Argazkia: Facebook

Oiartzun – "Inoiz baino beharrezkoagoa da orain marketin digitala, denden pertsianak jaitsita daudenean establezimenduek izan dezaketen erakusleihorik onena delako", adierazi du Oarsoaldea garapen agentziak. Horregatik, eskualdeko merkatari eta ostalarien elkarteen eskutik eta sektore honi laguntzeko egiten ari den topaketa eta ekintzen barruan, bosgarren online topaketa antolatuko du bihar, 10.00etatik 11.00etara bitartean, oraingo honetan marketin digitala ardatz hartuta.

Errenteriako Sharpa Marketingeko, Torrekuako Habian! inkubagailuan bizi den sektoreko enpresa erreferenteko, Iraia Errandoneak eta Mikel Markuletak Oarsoaldeko ostalaritza, merkataritza eta zerbitzu-enpresak gidatuko dituzte marketin digitalaren barruan urratsak ematen; beren presentzia eta emaitzak eraikitzen, garatzen eta optimiza-tzen lagunduko diete; eta beren negozioetara egokitzeko moduko estrategia sendoak proposatuko dizkiete.

Saioa Zoom plataformaren bidez zabalduko da eta izen-ematea https://labur.eus/PR0nC webgunearen bitartez egin behar da.

Oarsoaldeak eskualdeko pertsona interesdun guztiak animatu nahi ditu garatzen ari diren webinarretan eta ekintzetan parte hartzera, "sektorea berrasmatu eta indartzeko onurak eta gakoak eman baititzakete, Oarsoaldeko hiri-ekonomia eta gizarte-ongizatea hobetuz", adierazi dute.

Era berean, Jexux Leonetek, agen-tziako presidenteak, gogorarazi du laguntza edo dirulaguntzen kudeaketan edozein kontsulta edo zalan-tza argitzeko Oarsoaldeak horretarako jarri dituen bitartekoen bidez jo dezaketela agentziara. Informazio gehiago jaso daiteke www.oarsoaldea.eus edo www.covid19oarsoaldea.com orrialdeetan.