- Atzotik, Talaiako garbigunea eta Oiartzungo Udalaren altzari bilketa zerbitzua berriz martxan daude. COVID-19ak eragindako larrialdi egoerarengatik, bi zerbitzuak etenda egon dira azken asteetan, baina egoera hoberantz egin duenez, zerbitzu hauen berreskurapena baimendu da.

Udaletxetik aditzera eman dutenez, altzari bilketa bi ostegunetik behin egiten du Udalak, etxez etxe. Zerbitzua erabiltzeko Atez Ateko Informazio Bulegoarekin jarri behar dute harremanetan herritarrek: 943 490 377 deituta edo atezate@oiar-tzun.eus helbidera idatzita.

Bestalde, San Markos Mankomunitateak kudeatzen duen Talaiako garbiguneak ere ohiko ordutegia izango du aurrerantzean etxeko noizbehinkako eta hondakin bereziak biltzeko. Zabalik egongo da astelehenetik ostiralera 9.30etik 13.00etara eta 16.00etatik 18.50era; larunbatetan, 9.30etik 13.30era eta 15.30etik 17.50era; eta igandetan, 10.00etatik 13.50era.

Talaia poligono industrialeko (Arragua) errepidea asfaltatzeko lanak hasi dira. 307.000 euro pasatxoko inbertsioa egingo da errepidearen egoera hobetzeko lanetan.

Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren (SPRI) dirulaguntza izango du Udalak lan hauek egiteko. Aurrekontuaren %48 finantzatuko du, 150.000 euro; gainerakoa Udalak jarriko du. Hamar astetan lanak bukatzea aurreikusten da.

Udala industria poligonoen egoera hobetzen ari da azken urteetan, pixkanaka-pixkanaka.