- Herriko Gurutze Gorriaren ekarpenari esker 010 telefonoan ematen den larrialdi zerbitzua asteburuetara ere zabaldu ahal izango da. Izan ere, sorospen erakundearen boluntarioek telefono horretan deiak jasotzeko ardura hartuko dute asteburuetan eta jai egunetan. Hartara, asteburuetan etenik egin gabe sareak etxetik irten ezin direnen beharrak asetzen jarraitu ahal izango du.

Udaletik aditzera eman dutenez, erikortasuna duten adinekoak udaleko etxeko arreta zerbitzuen edo kultur eta gizarte zerbitzuen erabiltzaileak dira askotan; eta, hain zuzen ere, arrisku handiko taldea dira. Hori guztia dela eta, Errenteriako Udalari beharrezkoa iruditu zaio COVID-19 birusak kolektibo horiei eragin dizkien behar berriei erantzutea, bereziki etxean elikagaiak, botikak edo oinarrizko bestelako produktuak jasotzekoari, bai eta bakardadeko egoerari emozionalki aurre egin eta arintzeko beharrari ere.

Ahalegin horretan, Udalak boluntarioek egindako laguntzeko eskain-tzak eta bere bitartekoak elkartu ditu; horrela, Zaintza Sareak hastapeneko deiak egin ditu. Hasieran, herrian erroldatutako 70 urtetik gorako herrikide guztiei. Ondoren, 65 eta 69 urte artekoak izan eta bakarrik bizi direnei. Dei horien helburua izan da nola dauden galde-tzea eta jakinaraztea 010 zenbakira dei dezaketela botikak edo oinarrizko produktuak etxera eraman diezazkieten. Guztira boluntarioek, beraien etxetatik atera gabe, 8.000 dei baino gehiago egin dituzte.

Azkenik, Udalak gogorarazi du Errenteriako Babes Zibileko taldea, babes neurriekin, arduratzen dela janaria eta botikak behar dutenen etxeetara eramateaz.