- Koronabirusaren pandemiarengatik egin beharreko etenaldiaren ondoren, Beasain dantzaz eta dantzariez bete zen berriro ere Loinatz Jaietako azken egunean. Izan ere, Beasaingo Ostadar Dantza Taldeak Dantza Topaketen Eguna berreskuratu zuen atzo.

Gasteizko Adurtza Dantza Taldeak, Arrasateko Txikitxu-Arrostaitz Dantza Taldeak, eta Iruñeako Arrotxapea Dantza Taldeak parte hartu zuten Ostadarrek antolatutako topaketan.

Egun osoko plana izan zuten dantzariek, izan ere, egun osoko egitaraua prestatu zuen talde goierritarrak. Goizean goiz, talde parte-hartzaileek Beasaingo hainbat lekutatik irteera egin zuten, eta azkenik Erauskin plazan elkartu ziren talde guztietako dantzariak. Jarraian, Bideluze plazara lekualdatu eta emanaldia eskaini zuten.

Arratsaldean ikuskizunak aurrera jarraitu zuen eta dantzak herriko protagonista nagusia izaten jarraitu zuen. Dantza poteo irekia egin zuten Kale Nagusian zehar, Beasaingo Loinatz Jaiaen azken eguna girotuz. Segidan, kalejirarekin agur esan zioten aurtengo topaketari, Kale Nagusitik Erauskin plazara arteko ibilbidea eginez.

Aurtengo edizioa ohi baino bereziagoa izan da Ostadar dantza taldearentzako. Hain zuzen ere, koronabirusaren pandemiaren etenaldiaren osteko lehena izateaz gain, bi hamarkada bete dituelako ekitaldiak. Aurtengoa, 20. Dantza Topaketen Eguna izan da.