- Lazkaoko Udala herriko mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko ahaleginetan dabil, batez ere, oinezkoen pasagunea erraztu eta hobetzeko, hori bermatzea baita Udalaren lan ardatz nagusienetako bat.

Helburu hori gauzatzeko, Lazkaoko puntu eta auzo desberdinetan hainbat lan burutu dira dagoeneko.

Herri atsegin eta irisgarriagoa bilakatzeko, obrekin aurrera jarraituko du Udalak abuztuan ere.

Orain, udaletxe atzeko bidea urbanizatzeko txanda da, San Benito Ikastolaren eta Haurreskolaren aurrean dagoen kalea berritzeko unea, alegia. Izan ere, aipatu bidea bi noranzkoa da gaur egun, Elosegi kaleko zubitik Euskadi Enparantzara joateko eta Ikastola eta Haur-eskola bertan egonik, oinezkoen joan-etorri handia da.

Gainera, galtzadaren egoera ez da egokiena Udalaren aburuz, eta horrek herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna oztopatzen eta zailtzen dituenaren iritzia du.

Udalak egoera horri erantzuna emateko, obrak hasiko ditu abuztuaren 3an eta bi hilabeteko iraupena izatea aurreikusten du.

Kale osoko galtzada berritu eta altxatuko da, egungo espaloien arrasean gera dadin, eta udaletxeko iparraldeko fatxada ere guztiz berrituko da.

Horretaz gain, euri uren saneamendu sarea berrituko da.

Lazkaoko Udalak obretara 140.784,65 euroko aurrekontua bideratuko du.