- Euskal Herriko Eskuzko Herriarteko Txapelketa jokatuko da asteburu honetan eta hurrengoan. Zehazki, partida guztiak Zumarragako Beloki pilotalekuan izango dira, lehen aldiz publikoarekin. 16 hilabeteren ondoren, Zumarragako pilotalekuan publikoa egongo da. Gaur eta bihar finalerdiak jokatuko dira eta hurrengo astean finala. Partida guztiak 11.00etan jokatuko dira.

Txapelketa ostegunean aurkeztu zen, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian Gotzon Enbil Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako lehendakariak, Aitor Erauskin kirol zuzendariak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu zuten.

Erauskinek eman zuen partiden berri. Txapelketa honetan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herriartekoak irabazi dituzten herriek parte hartzen dute, baina aurten Nafarroako herriarteko txapelketa ez denez antolatu, 2019an Euskal Herriko txapelketa irabazi zuen taldeak jokatuko du Nafarroako ordezkariaren ordez. Zeanurik, hain zuzen ere.

Lehen finalerdia gaur bertan jokatuko dute, Azpeitiak eta Amurriok. Bigarren finalerdia bihar jokatuko da:? Zeanuriko pilotariak Lezamakoen aurka arituko dira. Finala hilaren 25ean jokatuko da eta ETB4k zuzenean emango du. Finalerdiak, berriz, Facebook bidez jarraitu ahal izango dira.

Serranok Zumarragak Gipuzkoako herriartekoa bi aldiz irabazi duela gogoratu zuen. Aurtengo irailean bigarren garaipenaren 50. urteurrena beteko da, gainera. Zumarragak 2 eta 1 irabazi zion Zestoari, Zarauzko Zinema frontoian jokatu zen finalean. "Zumarragak toki garrantzitsua du pilotaren historian eta Federazioarekin harreman estua dugu. GRAVN txapelketaren finala ere Zumarragan jokatuko da, iraila amaieran. Ea Zumarragak pilotan izan zuen indarra berreskuratzen duen", esan zuen alkateak.

Enbilek eskerrak eman zizkion Zumarragako Udalari, Federazioari eta afizionatu mailako pilotari ematen dion babesagatik. "Gure babesle nagusiak udalak dira eta lagun-tza hau eskertzekoa da. Oso gustura etortzen gara Zumarragara. Jendeari frontoira joateko gonbita luzatu nahi diot. Ea partida onak ikusteko aukera dugun", aipatu zuen.