- Koronabirusaren pandemiak eragindako kalteak murrizteko ahaleginetan dabil Beasaingo Udala. Uztailaren 19tik irailaren 15era bitartean, zabor eta terrazetako tasen laguntzak eskatzea posible izango da.

Helburua, covid-19arengatik hain kaltetuak izan diren udalerriko ostalariei, merkatariei eta zerbitzu alorreko negozioetako jabeei laguntza eskaintzea da. Jasandako galerei aurre egin ahal izateko, kaltetuek zabor eta terrazetako tasak ez dituzte ordaindu behar izango sei hilabetez.

Beasaingo Udalak hurrengo astean martxan jarriko duen laguntza urteko zabor eta terrazen tasen %50eko hobaria ezartzean datza. Ordainketa urteko bigarren seihilekoari dagokion epean gauzatuko da.

Bestalde, eskaera zaborren tasarako bakarrik egin beharko da, terrazen gaineko hobaria zergadun guztiei aplikatuko baitzaie zuzenean.

Hobaria jaso nahi dutenek eskabidea aldez aurretik egin beharko dute. Prozedura Beasaingo Udaleko Igunean, herritarren informazio eta arreta bulegoen, egin beharko da, uztailaren 19tik irailaren 15era bitartean. Udalaren web orrialdeko bulego birtualean ere eskakizuna egin ahalko da.

Ostalari eta merkatariek, besteak beste, zabor eta terrazetako tasak ez dituzte oraindu behar izango sei hilabetez