Paula Sukia Herrarte beasaindarrak betidanik izan ditu oso gustoko eskulanak, eta hauen bitartez, sentimenduak transmititzea. Espejos del Alma da beasaindar honen proiektu berria, koronabirusaren pandemian zehar asperdurak eragindakoa. Eskuz egindako bitxiak dira Sukiak sortu eta saltzen dituenak. Belarritakoak, lepokoak, eskumuturrekoak eta eraztunak aurkitu daitezke bertan.

Tradizio askok dioten bezala, arimaren ispiluak dira begiak eta eskuak. Esaera horrek ematen dio izena ingeniari elektroniko honen markari: "Bitxiak egiteko eskuak eta begiak erabiltzen ditut eta hauen bitartez, sorkuntza bakoitzean, nire arimaren esentzia uzten dut".

Pieza muntaiekin bitxiak egiten hasi bazen ere, berrikuntzak egin eta sormen teknika berriak probatu nahi izan ditu. Orain, erretxina eta fimoa bezalako materialak erabiltzen ditu bere lanak egiteko. Sukiak ez du modarik jarraitzen sorkuntza propioetarako inspirazio moduan: "Egin eta saltzen dudan guztia nire gustokoa izaten da. Nik ersosi eta jantziko nituzkeen produktuak sortzen ditut soilik. Horrek esentzia berezi bat ematen dio Espejos del Almari".

Proiektuari nahi bezain beste denbora eskaintzeko astirik ez duen arren, etorkizunari begira bere marka zabaldu nahi du. Egun, ingenieritza lanekin uztartzen du bitxien sorkun-tza, eta Instagram sare sozialaren bidez gauzatzen du salmenta, @es.del.alma kontuan. Egunen batean, Beasainen denda fisiko txiki bat ipintzea gustatuko litzaioke.

Berezia eta bakarra da Paula Sukiak egiten duen guztia. Bitxiez gain, hauek biltzeko kaxak ere apaintzen ditu. "Kutxa bakoitzak istorio bat kontatzen du", azaltzen du beasaindarrak. "India eta Nepaletik, nere izeba zenak, ekarritako kaxatxoak dira. Hauek hango pertsonei laguntzeko erosiak izan ziren". Sukiak Espejos del Almaren bezeroentzako margotu eta itsasoko maskorrekin edertzen ditu. Ez daude bi berdin; pertsona bakoitzaren-tzat berezi apaintzen ditu Sukiak kaxak.