- Beasaingo Ugartemendi bidegurutzea biribilgune bilakatzeko proiektua aurkeztu zuten atzo goizean Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak eta Leire Artola, Beasaingo alkateak. Obrak urte amaieran hastea aurreikusi dute eta hiru hilabeteko iraupena izango dute. Kostua 327.000 eurokoa izango da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko du proiektua bere osotasunean. Maiatzak 11n, datorren asteartean, emango dio oniritzia Diputazio Kontseiluak eta lizitazioa martxan jarriko da.

Biribilguneak 28 metroko kanpo diametroa izango du, 5 metroko zabalerako eraztuna eta beste 4 metroko irlatxo zapalgarria; obrak bide segurtasuna eta trafikoa arintzea du helburu. "Intersekzio honek, N-Iarekiko lotura izanik, trafiko handia jasaten du, ibilgailu astun ugarirekin, tartean CAF enpresatik nahiko maiz ateratzen diren garraio bereziak", adierazi du Oiarbidek. "Txindoki Hezkuntza instituturako sarrera-irteerak ere bidegurutze horretatik lotzen dira. Soluzio honen bitartez, mugimenduak ordenatu egiten dira eta, aldi berean, abiadura jaisten da adar guztietan", gehitu du diputatuak.

Artolak bidegurutzea Beasaingo puntu beltza dela aditzera eman du, bertan pilatzen den trafiko ugariarengatik. Bidegurutzean ibilgailuen eguneko bataz besteko intentsitatea 9.000 ibilgailuetakoa da. "Autoen segurtasuna ez ezik, herritarren, auzokideen eta enpresen segurtasuna ere kontuan izan dugu proiektuan". Oinezkoentzako pasabideak egun dauden bezela jarraituko dute, ez dira aldatuko.

Aparteko garraioei atentzio berezia ipini zaie proiektu honetan. "Beharrezko azterketa geometrikoak egin dira eta biribilgunearen ezaugarriak diseinatzerakoan berauek kontutan izan ditugu. Hau dela eta altuera txikiko zintarri muntagarriak jarriko dira eta biribilgunearen erdiko irlatxoan ere hormigoizko irlatxo muntagarria aurreikusi da", jakitera eman du Oiarbidek.