Goierri Eskolak, Mondragon Unibertsitateak eta Lortek-ek antolatutako Fabrikazio Aditibo Industrialeko masterreko ikasleek monopatinen edo scooter-en gurpilak diseinatu eta fabrikatu dituzte fabrikazio aditiboko teknologiak erabiliz ikasturte amaierako proiektuetarako.

Airerik gabeko neumatikozko gurpilak garatu dute ikasleek, binakako taldetan. Gurpilak egin ahal izateko materialik egokiena aukeratu behar izan dute, eta ondoren horiek garatzeko prozesua definitu.

Ainhoa Lakunza ikasleak zehaztu duenez, produktu komertzial batetik abiatu behar izan dute ikasleek, eta hori oinarri hartuta aukera identifikatu. "Produktua sakon aztertzea izan zen lehen pausoa, eta ondoren, fabrikazio aditiboa erabiliz, produktu hori nola hobetu daitekeen identifikatu genuen. Pisua eta estetika izan genituen kontuan, jatorrizko gainontzeko ezaugarriak mantenduz. Azken urratsa produktu berria diseinatzea eta fabrikatzea izan da. Lortutako produktuak benetan zein emaitza ematen duen ikusteko frogak ere egin behar izan ditugu".

Aitor Zuriarrain masterreko koordinatzaileak ere garrantzia berezia ematen dio proiektu errealekin lan egiteko aukerari: "hori da masterraren helburua, gelan ikusten eta ikasten den edukia testuinguru eta proiektu errealetan nola aplika daitekeen ezagutzea". Izan ere, fabrikazio aditiboak eskaintzen dituen aukerak oso dira anitzak, eta egunerokoan norberaren inguruan ohikoak diren materialak eta gailuak egiteko aukera izugarriak ematen ditu.

Hamasei ikasle aritu dira guztira ikasturte honetan elkarmasterrean, tartean beste erkidego batzuetatik etorritako ikasleak ere bai, Andaluziatik, Asturiasetik edo Kataluniatik, adibidez. "Fabrikazio aditiboa 4.0 industriaren garapenerako teknologiarik aurreratuena da, eta guk zalantzarik ez dugu etorkizun oparoa duen teknologia dela", gehitu du Zuriarrainek.