- Goiz Alzheimer eta Goiz Zaindu izena duten bi programa ezarri dira azken urteetan Beasainen etorkizunean egon daitezkeen gaixotasunen ondorioak murrizteko helburuz.

Hain zuzen ere, azken hori garatzen ari da aste hauetan, eta 65 eta 85 urte bitarteko 40 beasaindar parte hartzen ari dira. 90 minutuko iraupena dute saioak, astelehen eta astearteetan, ekainaren 16ra arte. Hamar lagunez osatutako taldeetan bina osasun-psikologo ere badaude, gidaritza lanak egiten.

"Adinekoengan hezkuntza emozional egokia izateak garrantzi handia du bizitzan zehar ager daitezkeen arazo psikologikoak eta medikoak babesteko faktore gisa", agertu dute, gehituz biztanleria segmentu horretako "ongizate emozionalak bakardade sentimenduak eta depresio sintomak hobe-tzen" dituela. Era berean, estimulazio psikosoziala dementziaren aurkako babes faktorea dela ere gogorarazi dute. Beraz, halako programak martxan jartzea begi onez ikusten dute udalerrian, "norbanakoaren garapen emozionala sustatuz, haren gaitasun kognitiboetan eragin mesedegarria egiten da, biak osagarriak baitira".

Beasainen gauzatzen ari den esku-hartze ereduaren inguruko xehetasunak ere azaldu dituzte: "Adimen emozionalaren eraikuntzan oinarri-tzen da eta begirada sistemiko bat hartzen du laguntza taldeen bidez. Harreman eta emozio izaerako ezagutzak eta trebetasunak garatuz, ongizate pertsonala eta soziala sustatu eta bizi kalitatea hobetu nahi dira".

Hori guztia, zahartze aktiboaren barruan sartzen da, eta beraz, etorkizunera begira kontuan hartu beharrekoak dira jardunketa hauek, herrian garatzen diren beste batzuekin batera. Izan ere, zahartze aktiboa sustatzen duten programen bidez erraz identifika daitezkeen aldaketa fisikoak eta kognitiboak ikusten dira, hala nola, Goiosasunlab, Goiz Alzheimer, Goiz Zaindu eta Ondo ibili Ondo izan egitasmoekin batera, baina "ez da gauza bera gertatzen funtzionamendu sozioemozionalaren aldaketekin". Horregatik emozioak aurrez lantzen hastearen garrantzia, etorkizunean emaitza onak ikusteko.

Esku-hartze sozioemozionaleko programa honetan parte hartzen dute Beasaingo Udalak, Cita Alzheimer Fundazioak eta EHUko Psikologia Fakultateak (Qualiker Taldea). Arantxa Gorostiaga arduradunak, eta Nekane Balluerka, Goretti Soroa eta Aitor Aritzeta ikerlariek.

65 eta 85 urte bitarteko 40 herritar parte hartzen ari dira EHUko adituekin antolatutako saioetan, eta ekainera arte luzatuko dira