Lazkaoko Ibabe-Hiribarren, hobekuntzarako prest

772.290 euroko aurrekontua du, eta sei hilabetean amaituta egotea espero da

25.03.2021 | 00:22
Lazkaoko alkate den Kepa Zubiarrain, beste ordezkariekin, Hiribarren inguruko espazioan. Argazkia: N.G.

lazkao Lazkaoko Udalak hasi du 2019-23 legealdiko "proiekturik garrantzitsuenetako" bat: Ibabe-Hiribarren inguruaren berritzea. Proiektuaren aurrekontua 772.920,70 eurokoa da, eta lanak sei hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da.

Hainbat fase izango dituzte lan hauek, eta lehenengoan Ibabe inguruko lanak egingo dituzte eta horretarako Hiribarren kalea norabide bakarreko errepide bihurtuko da, Beasaindik Lazkaorako bidean.

Gure lehentasuna tokiko garapen ekonomikoa sustatzea da", azaldu du Kepa Zubiarrain alkateak. Horretarako, "enpresentzako ekosistema erakargarria eskaini eta modu horretan enplegua mantendu eta lanpostu kualifikatu berriak bultzatuko dira, baita lazkaotarren irisgarritasuna eta mugikortasuna bermatu eta herritarrentzat udalerri atsegina eta beharrezko azpiegiturak dituena eskaintzea ere". Aurrera begira, udalerriarentzat "etorkizuneko proiektua dela agertu du alkateak.

Hiribarren kalearen berrurbanizazioa dute helburu, hain zuzen, Senpere biribilgunetik Hiribarreneko 20. zenbakiraino. Obrak egingo diren eremua zabala da, izan ere, 6.596 m2 inguruko azalera du. "Obraren zergatia Hiribarren kalea berritzean datza, bertako zoladura guztia eta egungo azpiegituren zati bat berrituz", gaineratu dute Lazkaoko Udaletik.

Gauzak horrela, lanen bitartez zoladura berri batez hornitu nahi da kalea, baina horretarako hainbat aldaketa egin beharra daude egungo diseinuan: horien artean, ibilgailuen zirkulazioaren hobekuntza, oinezkoen zirkulazio zein irisgarritasunaren hobekuntza eta aparkaleku kopuruaren handitzea daude.

Bestalde, kaleko hainbat azpiegitura berritu edota egokituko direla ere agertu dute, saneamendu sareari, ur-hornidura sareari eta argiteriari dagozkienak, esaterako.

aparkaleku berriak Aldaketa garrantzitsuenak lineako aparkalekua (mendebaldeko espaloiari dagokiona) eta galtzadaren zabaltzea izango dira. Era berean, pabilioien ondoan lineako aparkalekuak zehaztuko dira eta egun baterian daudenak ordezkatuko dira. Mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako lau aparkaleku ere izango dira.

Hiri-ingurunearekiko irisgarritasun araudiari jarraituz, oinezkoak ibiltzeko gordetako espazioak bi metroko zabalera librea izango du, orduko 20 kilometrora mugatuko da abiadura, eta zirkulazioa, berriz, noranzko bakarrera.