- Datorren martxoaren 27an izango den Osinalde sarietako final handian Urko Arregi, Aroa Arrizubieta, Ane Zuazubiskar, Xabat Ilarregi, Unai Izagirre eta Ibai Amillategi bertsolari gazteak lehiatuko dira Gabiriako Elizan. Saioa arratsaldeko 17.00etan hasiko da, eta sarrerak aurrez erreserbatzeko aukera jarri dute, 650 141 813 telefonoan, bost euroan.

Lehen kanporaketa Legazpin jokatu zen. Arrizubieta gasteiztarra eta Arregi oñatiarra gailendu ziren Latxartegi aretoan ospatu zen Aztiria sariaren kanporaketan. Azken orduko aldaketak egon ziren, izan ere, Garazi Navarro amorotoarra zen parte hartzekoa kanporaketan, baina ezin izan zuen azaldu eta haren lekukoa hartu zuen Arregik. Saioan entzuleen saria jaso zuen bertsolaria Arrizubieta izan zen, finalerako txartelarekin batera.

Larunbatarekin batera iritsi zen bigarren kanporaketaren txanda, Zaldibiako Herri Antzokian jokatu zen VIII. Osinberde saria. Epaileen iritziz, Ane Zuazubiskar arrasatearra izan zen saioko bertsolaririk onena, eta harekin batera finala jokatuko duen bertsolaria izango da Xabat Illarregi leitzarrak. Gainera, berak eskuratu zuen en-tzulearen saria ere.

Osinberde sariketako antolakuntza taldeak azaldu duenez, "saio gustagarria eta giro polita" izan zen bertan sortutakoa. Partaideak ez ziren esku hutsik bueltatu. Bakoitzak Patxi Iraola bertsolari zaldibitarraren Naizen apurra liburuaren ale bana eta harrizko oroigarri bana jaso zuten. Zuazubiskarrek, oroigarriaz gain irabazleari dagokion trofeoa ere jaso zuen eta Illarregik entzulearen sariari dagokion egurrezko taila bat.

Osinberden kantuan aritzeko azken aukera Ordiziako Herri Antzokian eginiko Argi Berri lehiaketan izan zen. Bertan, Unai Izagirre azkoitiarra eta Ibai Amillategi gernikarra izan ziren puntuazio altuena jaso zutenak; azken honek entzuleen saria ere bai. Bi bertsolari goierritarrek parte hartu dute aurten, Lander Arizmendi ordiziarrak eta Maddi Aiestaran beasaindarrak, baina ez dira finalera igaro.