- Idiazabalgo Ondramuñoko gaztandegiaren handitzeak eztabaida handia sortu du. Obra geldituta egon da hainbat urtez lizentziak behar bezalakoak ez zirela argudiatuz. Lizentziaren kontua auzibidean jarri zen, eta lizentzia baliogabezeko “arrazoirik ez” zegoela ondorioztatu zen, eta dagokion baimenak legez eskuratuta ditu eraikin berriak.

2020ko urtarrileko plenoan hartu zen lizentzia hori ematen zuen dekretuak ez errebisatzeko erabakia, “hori horrela den edo ez esan behar duen Euskadi mailako organoak aho batez hori ondorioztatu eta gero”, azaldu dute Izal Bai Udal taldetik ohar bidez. Horren aurrean, “lizentzia hori ilegala” zela zabaldu zutenak “aspaldian ixilik” daudela gaineratu dute. “Urtebete baino gehiago pasa da, eta Udalak informazio hau ezkutatu egin du. Bitartean, pandemiaren erdian, lehen erabilera baimena eman zion alkateak obra berriari”, gehitu dute.

Zorrotz mintzatu da taldea: “Joko politiko itsusia egin zuten, beste ba-tzuon izena gaizki utziz eta herrian horrelako instalazio bat egiteko apustua egin zuenari kalte eginez”.

Jokabideen inguruan ere aritu dira: “Orduko jokoa bezain tristea da auzi hau nola amaitu den herritarrak ez informatzea; ez talde bezala, baizik eta udal bezala, EH Bilduk Udalaren aurka -Izal Bai zegoen alkatzetzan- jo baitzuen orduan, beste batzuok geundela arduradun. Baina orain ez, orain EH Bildu dago horren ardurarekin”.

Orain arte ez du ezer esan Izal Baik, eta horren arrazoia azaldu dute: “Bagenuen susmoa EH Bilduk zuzentzen duen Udalak ez zituela herritarrak hontaz informatuko eta itxaron egin dugu, horretarako aukera emanez, eta uste dugu urte bete nahiko denbora badela. Eta uste dugu Udal honen informazio estrategia agerian geratu dela, interesa-tzen denari kantxa handia emanez eta interesatzen ez zaiena izkutatuz”.

EH Bilduk, bestalde, erantzuna sare sozialen bidez eman du: “Aurreko legegintzaldiko prozeduran hainbat akats egin ziren. Udaletxeko ateak beti irekita daude, bertako informazioa herritar guztien eskura dago”.